EU - ES

Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriaga hirugarrenez burutuko da urrian

  • Loraldia Plaza Zaratamo – Arrigorriaga  festibalaren hirugarren edizioa egingo da udazkenean.
  • Urriaren 18 eta 19an Zaratamon hasiko da; eta hurrengo asteburuan, urriaren 23a eta 27a bitartean, Arrigorriagara helduko da.
  • Hirugarren edizio honetan 9 ekintza burutuko dira, diziplina anitzak uztartuko dituztenak: musika, literatura, dantza, teatroa, bertsolaritza eta gastronomia.

Loraldia Plaza Zaratamo – Arrigorriaga kultur festibalaren hirugarren edizioa burutuko da bi herrietan, urriaren 18a eta 27a bitartean.

Bi herriek eta Loraldiak bat egin dute hirugarrenez, aurreko bi urtetan burututako esperientzia ona baliatuz eta errepikatzeko gogoz. Loraldiak sustatzen duen ekimen honek euskal kulturan gaur egun sortzen diren sormen berritzaileetako batzuk eskaintzen ditu, lekuko sortzaileei lekua eginez eta erreferente diren sortzaileak eta gazte eta hasi berriak bilduz.

Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntza jasotzen du.

Euskal kultura garaikidearen diziplina ezberdinetako proposamenak bi herrietara hurbiltzea da festibalaren helburua eta aurten ere anitza izango da eskaintza: musika, teatroa, dantza, literatura, ikus-entzunezkoak, bertsolaritza eta gastronomia izango dira.

Gure kulturan erreferenteak diren sortzaileek eta bi herrietako sortzaile eta kultur eragileek osatuko dute bederatzi ekintza ezberdinez jantzitako programazioa, besteak beste: Maite Larburu, Jon Maia, Haatik dantza konpainia, Andoni Mutiloa, Maddi Oienart, Beñat Axeari, Julen Axeari edota Mixel Etxekopar.

Bertoko sortzaileek ere lekua izango dute eta urriaren 18an Zaratamon Artizarra abesbatzak Maite Larbururekin batera kantatuko du. Urriaren 23an, Arrigorriagan, Karlos Aretxabaleta “Txapel” bailarako idazlearen lan batean oinarritutako emanaldi bat sortuko dute herriko zenbait eragile eta sortzaile ezberdinek.

Zaratamoko kultur etxean eta eleizan eta Arrigorriagako espazio eta areto ezberdinetan egingo dira ekintza guztiak.

Irailaren bukaeran aurkeztuko da programazio osoa eta orduan emango zaio hasiera sarreren salmentari, baina datak eta ekintzak badaude finkatuta.